XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Adimenkeriak eta kondairakeriak zein ondoren izan zituen ikusirik (erlijio mailan Jainkoaren jainkotasunaren galtzea, kultur mailan (politika, gizarte arazoa etab.) etsipena bi mundugudate ondoren), egoerak eraginik bide berriak jorratzen hasten da: Barhek gizatiarra den guztia gaitzetsirik Jainkoaren trazendentziara jotzen du.

Bere bigarren aldian gizatiarra ere onartuko du, bainan ez gizatiar lez, jainkotiarraren itzal eta ispilu huts bezala baizik.

Bultmannek beste bide bat hartzen du: gizonaren izaera bereizia bilaturik, bilakaera objetibuaren joan-etorrietatik gorde nahi du gizona.

Eta Jainkoa gizonaren barne hertsi horretan errebelatzen dena bezala ikusten du.

Kondaira gizonaren kondairatasun huts bilakatzen da.

Tillichek berriz beste biak baino gehiago bizi izan du kondairaren, kulturaren eta gizonaren hondamendia.

Hala ere errealidadean gelditzen da, salbazioa, Jainkoa, osasuna errealidade honetatik ihes egin gabe, errealidade honetan barna bilatzen ahalegintzen da.

Hiru joerak zeharo desberdinak dira, beraz.

Hala ere hirurak tradizio berdin batetatik datoz.

Tradizio honen barruan ezkutaturik zeuden joera diferenteen jarraipen eta burutze dira.

Ta tradizioa ez-ezik, egoera jakin bat, garai konkretu bat, kondaira zati berdin bat bizi eta egin izana ere elkarrekin dute.

Muga horien barruan eta giro horretan osatu du bakoitzak bere teologia.

Gaurregunerako teologia Ez tradizio hori, ez kondaira zati hori daude gugandik hain urruti.

Teologia egiterakoan, Jainkoaz zerbait esan nahi izaterakoan, gizonaren baldintzapenak garrantzi handia dute.

Guk gaur egun teologiarik egin nahi baldin badugu, gaur eguneko gizonaren egoera gogoan hartzea nahitaezkoa dugu.

Giza egoerak ez dira ez hutsetik sortzen, ez zerutik erortzen.

Kondairazko bilakaera baten barruan daude, bere baldintzapen ekonomiko, soziologiko, politiko eta historikoekin.

Gizonaren egoera konkretua aztertzerakoan egoera hori urte batzuetara mugaturik eta hertsirik aztertzeko arriskua dago beti.